XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Informazioa jasotzen, informazioa ematen

Naturan gauza harrigarri asko dago, baina batzuetan ez dugu horiek ezagutzeko aukerarik.

Oraingo honetan aukera polit bat izango duzue gauza harrigarri horietako bat ezagutzeko:

Balearen bizitza, jatorria, euskaldunekin duen lotura eta abar.

Guk 1. mailan aztertuko ditugun gauza harrigarri hauek guztiak, ez ote zaizkie haur txikiagoei ere gustatuko?

Baina arazo txiki bat dugu: zuek ulertu eta erabiliko dituzuen irakurgaiak luzeegiak eta zailegiak egingo zaizkie, seguraski; beraz, hona hemen gure proposamena:

Balearen inguruan duzun informazio guztia laburtu eta era ulergarrian jarri liburuxka txiki batean.

Zeuek eginiko marrazkiak edota aldizkarietatik moztutakoak erabili beharko dituzue idatzizko informazioa osatzeko, arintzeko edo apaintzeko, zeuek nahi duzuen eran.

Triptikoa osatzeko, hiru gai hauek izango dira nagusi:

1. Balearen ezaugarriak.

2. Balearen bilakaera.

3. Balea eta euskaldunak.

PROIEKTUA:

Ikastunitatean zehar honako hauek egingo ditut:

- Baleari buruz dakidana kanporatu eta beste batzuek dakitena entzun eta ebaluatu.

- Azalpenezko testuari buruz dakidana kanporatu eta besteek dakitenarekin konparatu.

- Testuetatik informazioa jaso eta beste bati kontatzeko eran laburtu.

- Azalpenezko testuetako ideia nagusiak identifikatu.

- Ideia solteak testu batean elkarrekin lotu.

- Testuak liburuxka batean bildu 6. mailako haur batek erraz ulertzeko eran.